1. Hasi
  2. Udaltzaingoa
  3. Herritarren segurtasuna
  4. Biktimizazio-inkesta

2010eko biktimizazio-inkesta

Udaltzaingoak oso ongi bat lortu du herritarren balorazioan

2010. urtean, Iruñeko Udalak inkesta bat egin zuen herritarrek Iruñeko eguneroko bizitzan segurtasun-mailari buruz dituzten pertzepzioak neurtzeko. Emaitzak kontuan harturik, lanean aritzen gara egunero herritarrengan segurtasunik eza sortzen duten arrazoiei aurre egite aldera.

1. biktimizazio-inkesta hau, hain zuzen, Iruñeko Herritarren Segurtasun Planak jasotzen dituen ekintzetako bat dugu.

Emaitzen arabera, % 57,1ek uste du segurtasun-maila ez dela funtsean aldatu bere auzoan azken urteotan, eta % 18,6ren iritziz hobetu egin da segurtasun-maila bere bizi-eremuan.

Inkestan nolabaiteko segurtasun-gabezia antzeman daiteke, batez ere, lapurretei, ekintza bandalikoei eta kaleko liskarrei loturik. Herritarrek, dena dela, ez dute beharrezko jotzen bere burua babesteko neurririk hartzea. Pertzepzio hori, bakoitzaren bizipenak baino gehiago, ingurune zabal batean gertatutakoak sortzen du. Izan ere, gehienetan gertaerak ez dituzte inkestari erantzun dizkiotenek zuzenean pairatu.

Udaltzaingoak begirunez eta eraginkortasunez jokatzen du

0tik 10era bitarte baloraturik, Iruñeko Udaltzaingoak 7,2 puntuko balorazioa jaso du, behin Udaltzaingoaren eskumenei eta udaltzainen zein haien agintarien lanei buruz egindako zortzi galderen emaitzak haztatuta.

Halaber, inkesta erantzun duten herritarren % 75ek dio konfiantza handiagoa duela Udaltzaingoan beste polizia-kidegoetan baino, eta horren eginkizuna hurbileko polizia gisara ikusten duela. Horren ildotik, Zer telefono-zenbakitara deituko zenuke arrisku-kasuetan? galdera generikoari emandako erantzunetan, 092 zenbakiak (Udaltzaingoaren CECOP telefonoa) botoen % 14,4 jaso ditu, 112 telefonoaren atzetik (larrialdietarako zenbakia, non Udaltzaingoa ere barne dagoen), horrek lehen postua eskuratu baitu, botoen % 45,5ekin.

Hona inkesta erantzun dutenek Udaltzaingoa identifikatzeko erabili dituzten beste izen batzuk, portzentajearen arabera ordenaturik: begirunezkoa (% 68,9), harbera (% 66), auzoan dauden segurtasun-arazoei buru emateko gauza (% 63) eta eraginkorra (% 59,7). Kopuru horiekin bat, % 61ek dio nahiko lukeela udaltzain gehiago ikusi patruilan ibiltzen.

Zerk eragiten du segurtasunik eza?

Galdetegien erantzunen arabera, honako hauek dira segurtasunik eza eragiten duten zioak, garrantziaren arabera ordenaturik: poltsen eta diru-zorroen lapurretak (% 20), ibilgailuen lapurretak (% 18), ekintza bandalikoak (% 13) eta kaleko liskarrak (% 10,3). Beste muturrean, oso herritar gutxi dira iruzurretan (% 1,6), jarduera terroristetan (% 2,1), bortxaketetan eta sexu-erasoetan (% 2,3) nahasita egotearen beldur.

Portzentaje horiek ateratzeko kontuan hartu dira hala inkesta erantzun dutenek bizitako gertaerak nola bere ingurune zabaleko jendeari gertatutakoak. Ekintza bandalikoetan izan ezik, non bi kasu horiek emaitza ia baliokideak dituzten (% 6,8 eta % 6,3), inkesta erantzun duena, gehienetan, ez da zuzeneko biktima izan, baizik hirugarrenen batek kontatu duenaren entzule. Adibidez, liskarren kasuan, % 1,3 biktimak dira, eta, % 10,9k bere inguruneko bati entzun dio liskarraren berri.

Nork bere burua babesteko neurriak eta salaketak jartzea

0tik 10era bitarteko eskalan neurtu dugu noraino hartzen dituzten Iruñeko herritarrek beren burua babesteko neurriak, eta emaitza 40 puntukoa izan da, hau da, maila ertain-baxuko emaitza. Inkesta erantzun duten 803tatik, 701ek ez du autoan objekturik begi bistan uzten, 456k diru gutxi eramaten du gainean, 417k ate blindatua instalatu du etxean eta 312k arriskugarritzat jotako eremuak ekiditen ditu. Beste muturrean, hauek dira gutxien erabili diren neurriak: burdin hesiak paratzea (40), alarmak (33), etxean armak edukitzea (12) edo etxebizitzaz aldatzea (4).

Behin delitua edo arau-haustea gertatu eta gero, inkestan beren burua biktimatzat identifikatu edo bere inguruko biktimei buruz ari direnetatik % 64,6k adierazi zuen ez zuela salaketarik aurkeztu ezein agintzaritzaren aurrean. Kontrara, % 35,5ek salaketa aurkeztu zuen. Hori hala da uste dutelako edo salaketa jartzea ez dela eraginkorra edo gertaerak ez duela garrantzia nahikorik. Salaketa aurkeztu zutenetatik % 63k Iruñeko Udaltzaingoaren Salaketa Bulegoan egin zuen.

Inkestaren ezaugarri teknikoak

Inkesta Tesicnor enpresak egin zuen Herritarren Segurtasuneko Alorrak enkargaturik. Telefonoz egin zen, 15etik 65 urtera bitarteko 803 lagunek osatutako lagin baten gainean. % 49,6 gizonak ziren, eta % 50,4, emakumeak. Denak Iruñean bizi ziren. Elkarrizketa-kopuru horrekin, emaitzen konfiantza-indizea % 95,5 da.

Galdetegia 23 galderak osatzen zuten, eta bertan, besteak beste, herritarrek beren auzoan dauden bizi-baldintzei buruzko pertzepzioarekin zerikusia duten hainbat alderdi jasotzen ziren: inkesta erantzuten duena edo bere inguruko beste norbait berriki delitu baten biktima izan den, gertaera horien kontra salaketa jarri zuen, eta zer deritzen Iruñeko segurtasun-zerbitzu publikoei, bereziki kontuan hartuta nola baloratzen duen Iruñeko Udaltzaingoak ematen duen zerbitzua.

Inkesta hau hurrengo urteetan berriz ere egiteak aukera emanen die segurtasun arloko arduradunei Iruñeko herritarrek segurtasun-mailari buruz duten pertzepzioaren bilakaera ezagutzeko.

Herritarrendako Laguntza

Udaltzaingoa

092
948 420 640

Udala adi duzu

010
948 420 100

Hemen gaude:

Iruñeko kale-izendegia

Udaltzaingoa
Iratxeko monasterioaren kalea, 2
Udal Garabiaren Biltegia
Elio Epaileren plaza 1
(Auzitegiko aparkalekua)

Zirkulazioa behatzeko kamerak

Unean uneko zirkulazioa ikusi

© Iruñeko Udala. Udaletxe plaza, zk.g. 31001 - Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 pamplona@pamplona.es